Zientzia eta garagardo beste erronda bat, oraingoan ere WITeko parte-hartzearekin, Isabel Ortega-Bedoyak krispeta perfektua lortzeko zientzia argitu baitzigun - wit
Albiste eta ekitaldiak
Zientzia eta garagardo beste erronda bat, oraingoan ere WITeko parte-hartzearekin, Isabel Ortega-Bedoyak krispeta perfektua lortzeko zientzia argitu baitzigun

Pint of Science zientzia-dibulgazioko ekitaldiaren X. edizioan berriz ere WITeko doktoregai batek zientzia tabernara hurbildu du: Isabel Ortega-Bedoya, Nafarroako Unibertsitateko BACh ikerketa taldean tesia egiten ari dena.
Isabelek Iruñeko ekitaldiaren lehenengo saioan parte hartu zuen, Ignacio López-Goñirekin batera (https://microbioblog.es). Honek, 'Hestea al da gure bigarren garuna?' galderatik abiatuta, hesteetako mikrobiotari buruz hitz egin zuen, haren erlazioaz depresioa, autismoa, Alzheimerra eta bestelako gaixotasunekin, eta nola heste-garun ardatzean egiten ari diren ikerketek ezagutza berriak dakartzaten gaixotasun hauek ulertzeko eta tratamendu berritzaileak lortzeko.
Horren ondotik, Isabelen txanda iritsi zen, 'Pop! Lehertzen den artoaren zientzia!' izenburu bitxiko hitzaldiarekin. Nork ez ditu krispetarik onenak lortu nahi? Isabelek jendaurrean azaldu zuen zein den krispetak egiteko prozesuaren atzean dagoen zientzia, horien bertsio paregabea lortzearren. Jakin beharreko gauza asko, hala nola zer arto-barietate erabili, oskolaren propietateak, behar diren presio- eta hezetasun-baldintzak, errezetaren une desberdinetan gertatzen den biokimika... azken batean, jakin beharreko guztia almidoia behar bezala leher dadin!
Giro dibertigarri, atsegin eta lagunartekoan, zientzialaria ez den jendearentzako zientziaren sekretuak azaleratzen dira solasaldi bitxi hauetan, non aukera paregabea suertatzen den zientzia ikasi eta ulertzeko ikuspegi irisgarri batetik, entzuleen jakin-minak eta galdera argiek bultzatuta.
Zalantzarik gabe, komunikazio-trebetasunak hobetzeko jarduera interesgarria; izan ere, zientzia jende arruntari ulertaraztea ez baita afera erraza... Jakin-minari erantzunak eman!🧐